Amaitu da Eibarko HAPOren esparru batzuei buruzko aldaketaren inguruko partaidetza-prozesua
Apirilean, bi bilera egin dira Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa azaltzeko. Aldaketa Txonta 125. Jarduketa Integratuari eta Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 zenbakiei dagokie.
HAPO AI.125 Txonta eta Errekatxu kaleko 17., 19. eta 21. zenbakien aldaketari buruz herritarrek parte hartzeko prozesua amaitu da, aldaketa hori azaltzeko apirilaren 25etik 30era egin ziren bileren ondoren. Topaketa hauek herritarren partaidetza-prozesu bat ireki dute hirigintza-garapenean, bertako biztanleei plataforma bat eskaini baitiete beren ingurunearen etorkizunari buruzko iritziak eta kezkak adierazteko.
Jon Iraola alkateak zera esan du: “Herritarrek hirigintza-plangintzan parte hartzeak, hartutako erabakien zilegitasuna eta onarpena indartzeaz gain, hiri-ingurunearekiko dugun ardura partekatzea sustatzen du. Horren harira, tailer hauek pauso esanguratsu bat dakarte, hiri-garapenean prozesu inklusiboago eta gardenago bat aurrera eramateko”.
Lehenengo tailerra Karmen kaleko 6 zenbakiko lokalean egin zen, eta dozena bat lagunen arreta erakarri zuen; bertan izan ziren, baita ere, proiektua idatzi duen taldea, udal-arkitekto andrea eta Hirigintzako zinegotzia andrea. Elkarrizketa giro horretan, aldaketa-proposamenarekin lotutako gaiak jorratu ziren, besteak beste, Txontako eremuan bizitegi-bloke berriak egitea, hurbileko autobidearen zarataren ondorioak eta elkarbizitza sustatzeko espazio publikoen plangintza.
Tailer horretan, hainbat gai eta zalantza azaldu zituzten bertaratutakoek. Kezka nagusiak izan ziren, besteak beste, proposatutako bizitegi-bloke berrien altuera eta kokapena, bai eta bloke horiek autobidetik gertu egoteak zaratan eta bizi-kalitatean izan ditzakeen ondorioak. Gainera, jabe batzuek adierazi zuten ez daudela ados eraikin berriak atxikitzeko proposamenarekin, horrek argian eta bistetan eragina izan dezakeelako.
Portaleko areto nagusian egin zen bigarren tailerrean, erredakzio-taldearekin eta agintariekin batera, 14 pertsona egon ziren. Saioan, herritarrengan interesa piztu zuten gaietan sakondu zen, hala nola antolamenduz kanpo dauden eraikinen egoera, aparkaleku publikoetarako espazioen murrizketa eta plana behin betiko onartzeko epeak.
Herritarrak kezkatuta agertu ziren antolamenduz kanpoko merkataritza-eraikinen egoeragatik, eta argitasuna eskatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin kalte-ordainak eta lekualdatzeak negoziatzeko prozesuari buruz. Eztabaidatu ziren beste gai batzuk: espazio publikoak sortzeari lehentasuna ematea —azaleko aparkalekuak kontserbatzearen gainetik—, plana behin betiko onartzeko aurreikusitako epea eta prozesuaren hurrengo pausoak.
Topaketa hauek oso garrantzitsuak izan dira abian den hiri-plangintzako prozesurako, egoiliarrekin zuzenean elkarreragina izateko aukera eman dute-eta. Herritarrek egindako kontsultak kontu handiz erregistratu dira, agintariek emandako erantzun eta azalpenekin batera. Horrek bermatzen du herritarren kezkak behar bezala aintzat hartzea proiektuaren etorkizuneko garapenean.