Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aurten ere deialdia ireki du Udalak formazio-ekintzak egiten dituzten langabeei edo lan hobe baten bila ari direnei dirulaguntzak emateko

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

2024/07/15

Diruz lagunduko da Lanbide Heziketako gradu ertain edo goi-graduak egitea, eta enplegagarritasuna handitzen duten ekintzak, hala nola hizkuntzen ikastaro ofizialak edo gidatzeko karneta ateratzea. Onartutako eskabide bakoitzak gehienez 500 euroko laguntza jaso ahal izango du; kopuru horretan sartzen dira formazio-ekintzaren gastuak, beharrezko materialak edota prestakuntza-zentrora joateko garraioaren kostuak.

Formazio-jarduerak egiten dituzten langabeek zein lan hobe baten bila ari diren pertsonek aurten ere udal-dirulaguntzak jasoko dituzte. Udalak programa honen beste edizio bat jarri du abian, eta 10.000 euroko partida bat esleitu du horretarako. Dirulaguntzen onuradun izango dira Eibarren erroldatuta egon eta unibertsitate mailakoak ez diren prestakuntza-jarduerak egiten dituzten pertsonak, baldin eta jarduerak 2023ko irailaren 1etik aurrera hasi eta 2024an zehar amaitzen badira; edo 2024an hasi eta 2025eko ekainaren 30a baino lehen amaitzen badira.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “berriro abiarazi dugu programa hau, langabetuak lan-merkatura itzultzeko edo, hala badagokio, beren lana hobetzeko ezagutza berriak eskuratzeko aukera bikaina izaten jarraitzen baitu. Gaur egungo egoeran, merkatua gero eta lehiakorragoa denez eta etengabeko prestakuntza behar denez, Eibarko Udalak laguntza eman nahi die pertsona hauei, eta bide hori eskaini beren garapen profesionalerako.”

Dirulaguntza honek enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan sartzeko aukera gehiago ematea du xede. Ez dute dirulaguntzarik jasoko 2023ko deialdian jada eskatu ziren prestakuntza-jarduerak, salbu eta ikastaro desberdinak badira edo goragoko maila batekoak.

Horren harira, diruz lagunduko da Lanbide-Heziketako gradu ertain edo goi-gradu bat egitea, eta enplegagarritasuna hobetzen duen beste edozein kurtso egitea, baita hizkuntza-ikastaro ofizialak ere, euskara izan ezik. Sartzen dira baita ere gidatzeko karneta ateratzeko kurtsoak, A motakoa izan ezik (motozikletak). Dirulaguntza formazio-jarduera batengantik bakarrik eskatu ahalko da, hau da, pertsona batek ezingo du dirulaguntza-eskaera bat baino gehiago egin.

Udal-laguntza hau eskuratzeko baldintzak hauexek dira: Eibarren erroldatuta egotea, gutxienez, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera; 23 urte edo gehiago izatea, 2024ko urtarrilaren 1ean; langabezian egotea edo lan hobe baten bila aritzea eskabidea egiteko unean, alegia, urtebetetik beherako eta iraupen jakineko kontratuak izatea, lanaldi partzialeko kontratuak izatea eta 1.200 eurotik beherako hileko ordainsari garbia —aparteko ordainsarien hainbanaketa barne— duten kontratuak edukitzea.

Beste baldintza bat da eskatzaileak formazio-jarduera erabat gainditzea, hau da, formazio-jarduera eta hura osatzen duten ikasgai guztiak gainditu behar ditu.  Hizkuntza-ikastaroen kasuan, formazio-jarduera erabat gainditutzat emateko titulazio ofizial bat eskuratu beharko da. Gidabaimena eskuratzeko ikastaroen kasuan, baimena lortzea izango da baldintza.

Eman daitekeen gehieneko dirulaguntza pertsonako 500 eurokoa izango da.  Diruz lagunduko dira formazio-ekintzaren kostua, hura egiteko beharrezkoak diren materialak eta formazio-zentrora joateko garraio-gastuak, Eibarren kokatutako zentroetara egindako joan-etorriak salbu.

Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea hasi da dagoeneko eta 2024ko urriaren 25ean amaituko da. Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira (Pegorako bulegoetan), elektronikoki www.eibar.eus udal webgunearen bidez, edo Administrazio Publikoen erregistroetan.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak hauexek dira: eskabidea bera, behar bezala beteta (Pegoran eta Udalaren webgunean dagoen ereduaren arabera); eskatzailearen NANa; eskatzailearen banku-kontuaren titulartasunaren justifikazio-agiria; prestakuntza-jardueraren matrikula-orria; langabezian egonez gero, Lanbidek emandako inskripzio-aldien ziurtagiria; eta enplegua hobetzeko egoeran egonez gero, lan-kontratua eta azken hiru nominak.