Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Barakaldo kalea eta Estaziño-Azitain pasealekua lotuko dituen igogailua 1.449.369,69 eurotan adjudikatu da

Barakaldo kaleko artxibo argazkia.

Barakaldo kaleko artxibo argazkia.

2024/06/17

Lanak CONSTRUCCIONES ZUBIEDER SL enpresari esleitu zaizkio. Obraren % 50 ETS entitateak finantzatuko du eta lanak egiteko epea 13 hilabetekoa izango da.

Eibarko Udalak CONSTRUCCIONES ZUBIEDER SL enpresari adjudikatu dizkio 1.449.369,69 eurotan Barakaldo kalea eta Estaziño-Azitain pasealekua lotuko dituen igogailuaren eraikuntza-lanak.

Igogailu berri hau Barakaldo kaleko 29 zenbakiaren inguruan kokatuko da, Hijos de Gabilondo eraikineko orubearen hasieran. Jada Udalarena den orubea horretan hasita daude eraispen partzialeko lanak egiten, eta, amaitutakoan, inguru guztia berrurbanizatu eta birnaturalizatu egingo da.

Lanak egiteko epea 13 hilabetekoa izango da eta espero da uztailaren hasieran hastea.  Gainera, obren % 50 Euskal Trenbide Sareak finantzatuko ditu.

Proiektu honen bidez, Udalak hobetu egin nahi du Barakaldo kalearen eta trenbide gaineko pasealekuaren arteko konexioa. Horrez gain, aprobetxatu egingo da Barakaldo kaleko igogailuaren sarrera hobetzeko.

Proiektu honek, inguru horretako konektibitatea eta irisgarritasuna hobetzeaz gain, biziberritze urbanoari eta bizilagunen ongizateari ere lagunduko die.  Horregatik, Jon Iraola alkateak poza eta ilusioa azaldu du egiten ari diren lanengatik. “Egitasmo hauek konektibitatearen eta irisgarritasunaren hobekuntzaz harago doaz; ingurunea berrurbanizatzeko apustu sendo bat dira eta baita funtsezko hobekuntzak ere gure herritarren ongizaterako eta ingurune atseginago bat sortzeko”.  Gainera, zera adierazi du: “Lanean jarraituko dugu Eibar herri irisgarri, atsegin eta berdeago bat izan dadin”.

“Hijos de Gabilondo” eraikinaren eraiste partzialaren lanak erritmo onean doaz.  Aurreikusitako jarduketan, eraitsi egingo dira enpresaren alboetan gerora egin ziren handitzeak, eta, eraikinaren jatorrizko konfigurazioari eutsiko zaio. Era horretan, Udalak lortuko du espaloia zabaltzea, aparkatzeko gune bat sortzea, funtzio anitzeko espazioak izatea eta auzoari aisialdirako tokiak eskaintzea.