Eibar izan da Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eskualdeekin egindako bilera turistikoen sortan egin duen bisitaren topaguneetako bat
Armagintzaren Museoan hasi da bisita, eta bertan izan dira, besteak beste, Jon Iraola Eibarko alkatea, Unai Larreategi Soraluzeko alkatea, Enetz Ezenarro Mendaroko alkatea eta Alazne Txurruka Debako alkatea. Topaketa hauen helburua da Gipuzkoako izaera industriala aktibo turistiko bezala nabarmentzea.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Eibar bisitatu du gaur osteguna (hilak 18), eta, modu horretan, Gipuzkoako alkateekin eta eragile turistikoekin egiten ari den bilera-sortarekin jarraitzen du, dauden beharrak aztertzeko eta jarduera turistikoaren iraunkortasuna, kultura eta tokiko tradizioa bezalako gaiak jorratzeko.
Eibarko Armagintzaren Museoan hasi dute bisita. Bertan, harrera labur bat izan dute lehenik, eta eskualdea turismo-helmuga bezala aurkeztu dute jarraian. Museoa bisitatu ostean, Ipurua estadiora joan dira oinez. Futbol-zelaia ez ezik, museo bat ere badu, eta MICE turismoaren egoitza bihurtu da. Behin bisita amaituta, Mendarora joan dira, eta txokolatea egiteko erabiltzen duten errota ikusteko eta bertako txokolate ezagunak dastatzeko aukera izan dute. Elgoibarren amaitu dute topaketa, Makina-Erremintaren Museoa bisitatuta.
“Debabarrenak argi erakusten du izaera industrial nabarmeneko eskualde bat turismorako ere erakargarria izan daitekeela. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarentzat oso eskualde interesgarria da. Izan ere, Gipuzkoa, natura, gastronomia eta kultura ez ezik, industria ere bada. Horrez gain, duen kokapen estrategikoak, Bizkaiarekin mugan, kongresu- edo MICE- turismoa hedatzeko aukera eskaintzen digu, lurraldean gorantz doan sektorea baita, eta, balio erantsia ematen duenez, interesgarria da oso. Bestalde, hiriburutik kanpo egoteak sustatzen ari garen desestazionalizazio eta deslokalizazio estrategian sakontzen du”, izan da Dominguezen balorazioa.
Bestalde, Debegesako Turismo eta Desasrrollo Iraunkorreko arduradun den Aitziber Cortazarrek nabarmendu duenez, "Debabarrena kostaldea eta barrualdea biltzen dituen helmuga da, eta Euskal Kostaldeko UNESCO geoparkea da bere produktu nagusia. Hotel-azpiegitura bat du, non plaza nagusiak Eibar, Ermua eta Elgoibar inguruan dauden. Landa-turismo eta kanpin ugari ditu kostaldean. Naturako produktuen artean hondartzak eta bidezidorren sarea nabarmentzen dira, baina ezin dugu ahaztu Debabarrena eskualde erreferentea dela euskal industriaren garapenean, eta horren adibide dira gaur egun bisitatzen diren museoak ".