Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak bigarren aldiz banatuko ditu doan jardinetako loreak

Artxiboko irudia: www.pexels.com (Tatjana).

Artxiboko irudia: www.pexels.com (Tatjana).

2024/05/20

Lorategietatik erretiratu diren sasoiko loreak banatuko dira herritarren artean. Ekimena iaz hasi zen eta arrakasta handia izan zuen.

Asteazkenean, maiatzak 22, jardinetatik kendutako 700 lore banatuko dira Untzaga plazan. Emango diren loreak neguko sasoian landatu zirenak  dira.

Eibarko Udalak urtean bitan, udaberrian eta neguan, erretiratzen ditu loreak herriko hainbat tokitatik lore berriak landatzeko, urtaro bakoitzeko klimatologiari egokitutako espezie indartsuagoak jartzeko xedez.

2023ra arte, kentzen ziren loreak bota egiten ziren.  Baina hemendik aurrera Udalak bigarren bizitza bat eman nahi die lore horiei; izan ere, egoera onean daudenez, birlandatu egin daitezke eibartarren etxeetan.

Era horretan, jardinetatik kentzen diren lore eta landareen doako banaketa egingo da.

Jon Iraola alkateak zera esan du: "Pasaden urtean egin genuen ekimen honek arrakasta handia eduki zuen. Horregatik, aurten ere egitea erabaki dugu. Honela bigarren aukera bat ematen diegu landareei, hala, beste leku batzuetan egoten jarrai dezaten".

Horretarako, interesa dutenak Untzaga plazara joan ahalko dira, asteazkenean, maiatzak 22, 11:00etatik eta 13:00etara, edo loreak agortu arte.

Guztira, negu-sasoiko 700 bat lore eta landare banatuko dira, hala nola krabelinak, biolak, pentsamenduak, dragoi-muturrak eta ziklamen-erraboilak Eibarko lorategi-guneetatik ateratakoak. Ez dira banatuko eguraldiagatik, zapalduta egoteagatik edo beren zikloa amaituta egoteagatik baldintza onetan ez dauden landareak.

Loreak paperezko poltsa batean entregatuko dira. Hala ere, interesa dutenei gomendatzen zaie poltsa bat eramateko, etxean dituzten poltsak berrerabili ahal izateko.

Neguan landatu ziren lore eta landareen ordez udaberri-udako lore eta landareak jartzeko lanak maiatzean hasi ziren eta ekainean amaituko dira.