Eibarko Udalak, Debegesak eta herriko ikastetxeek bat egin dute Agenda 2030 lantzeko
Udaletxeekin elkarlanean, 20 urte inguru daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 2030 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30.
Aurten 20 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 2030 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei. Aurten ere Energia eskuragarria eta ez-kutsagarria gaia landu dute.
Egitasmoak hiru helburu ditu: Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea, ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea eta partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.
Aurreko ikasturtean udalerriko energia diagnosia egin zuten, eta hainbat proposamen egin zizkieten udal ordezkariei, energia kontsumoa murrizteko helburua zutela ardatz. Aurten, aldiz, proposamen baten inguruan jardun dira buru belarri ikasleak, zehazki, energia kontsumo arduratsua bultzatzeko pegatinak diseinatu dituzte.
Eibarko ekimena
Urtero bezala Eibarko Udalak eta Debegesak, Arrateko Andra Mari, Amaña, Urkizu, La Salle-Isasi, La Salle-Azitain, J.A.Mogel eta San Andreseko ikasleekin lankidetzan, 2030 Agendaren inguruan kontzientziatzeko hezkuntza-ekimena antolatu dute.
Ekimenaren helburua Garapen Jasangarriko Helburuen garrantziaz ohartzea izan da. Halaber, helburu horiek lortzeko neurriak hartzeko beharraz herritarrak sentsibilizatzea ere jardueraren jomuga garrantzitsua izan da.
Ikasturte honetan, ikasleek energiaren kontsumoa eta erabilera izan dituzte ardatz. Lanaren emaitza ikasleek diseinatutako pegatinak izan dira, energia aurrezteko, argiak itzaltzeko, ur gutxiago gastatzeko, igogailua ez erabiltzeko eta ateak itxita edukitzeko, eraikinek berorik gal ez dezaten. Pegatinak hainbat udal eraikinetan, hala nola Portalea kulturgunea, udaletxean eta Orbea eta Ipurua kiroldegietan itsatsiko dira. Ekimenaren helburua herritarrak energia era arduratsuan kontsumitzera animatzea izango da. Maiatzaren 23an, goizeko 10:30etan, Eibarko Udalean egingo den Pleno Txikian aurkeztuko dituzte pegatinak ikasleek tokiko agintariei eta mezuak partekatzeko aukera izango dute.
Esan gabe doa, Udalak ekimen hau aintzat hartzen eta babesten duela. Orobat, garapen iraunkorraren aldeko kontzientziazio eta ekintzarako urrats garrantzitsua dela nabarmentzen du eta parte hartzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkie.