Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak lehiaketara aterako ditu Ipuruako aparkalekuak

Anexoko eraikinaren irudia, 38 aparkaleku berriak kokatuko diren lekua.

Anexoko eraikinaren irudia, 38 aparkaleku berriak kokatuko diren lekua.

2024/07/18

Guztira 38 aparkaleku jarriko dira bizilagunen eskura. Azken urteotan Udalak 300 aparkalekutik gora jarri ditu eskuragarri hainbat lekutan.

Irailean, Eibarko Udalak beste 38 aparkaleku  jarriko ditu bizilagunen eskura, Anexoko eraikinean.

38 aparkaleku hauek duela gutxi udal-lursailean eta Ipuruako futbol-zelaiaren anexoan eraikitako edifizioan daude (lehen Moja Kontzepzionisten komentuarena zen).  Aparkalekuak, Errebalen egin zen moduan, administrazio-emakidako araubidean aterako dira. 

Eibarko alkate Jon Iraolaren hitzetan, “badakigu Eibarren zailtasunak daudela autoa aparkatzeko orduan. Gehien entzuten dugun kezka eta eskaeretako bat da.  Hori horrela, etengabe dihardugu lanean, irtenbide eraginkorrak topatu nahian. Aparkaleku hauek sortzea premia nabarmen bati emandako erantzuna izateaz gain, gure herria hobetzeko Udalean hartu dugun konpromiso serio eta arduratsuaren erakusgarri ere bada. ".

Emakidaren modu eta baldintzak irailean emango dira jakitera, interesdunek izena eman eta adjudikazio-prozesuan parte hartzeko aukera izan dezaten.  Emakidaren prezioa udal-arkitekto andreak zehaztuko du.

Pedro Escribano Obra eta Trafiko zinegotzia pozik agertu da eta "38 plaza berri hauek Ipuruako aparkalekuen egoera arintzeko modua izango dira”, adierazi du.

Hemendik aurrerako helburua El Corte Ingleseko parkinga da

Bestalde, Eibarko Udalak lanean jarraitzen du El Corte Ingleseko aparkalekua berreskuratzeko asmotan. Saltokia itxi ostean, 375 aparkalekuak erabilerarik gabe geratu dira; hori dela eta, Hirigintza Saila lanean ari da udal jabetzako aparkalekuaren gaineko eskubide guztiak berreskuratzen hasteko eta herritarren esku jartzeko. Teknikariak espazioak mugatzeko lanean ari dira, emakida erregimenean edo txandakako alokairuan eskaintzeko.

Honen harira, alkateak azaldu duenez, "aparkaleku horiek berreskuratuta, pauso erabakigarria emango dugu Eibarko erdigunea arintzeko eta zentroa oinezkoentzat jartzeko. Toribio Etxebarria eta Zuloagatarren oinezkotzeari begira ari gara lanean".