Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ekainaren 8an zabalduko dira Ipuruako kanpoko igerilekuak eta hilaren 10ean Txaltxa Zelaiko ur-jolasak

Argazkian, Txaltxa Zelaiko ur jolasak.

Argazkian, Txaltxa Zelaiko ur jolasak.

2024/05/27

Kanpoko igerilekuaren denboraldia irailaren 29an amaituko da, aurreko urteetan baino bi aste geroago.Haur eta gaztetxoentzako udako aisialdirako instalazioen eskaintza handitu egingo da aurten Txaltxa Zelaiko ur-jolasekin.

Ipuruako kanpoko igerilekuen denboraldia ekainaren 8an hasiko da. Aurtengo udako kanpaina irailaren 29ra arte luzatuko da (egun hori barne).

Hauxe izango da ordutegia: 10:30-20:30, ekainaren 8tik uztailaren 31ra arte; 10:30-20:00, abuztuaren 1etik irailaren 8ra arte; eta 11:00-19:00, irailaren 9tik 29ra.

Aurreko urteetan, igerilekuen denboraldia irailaren erdialdean amaitzen zen, baina azken urteotako tenperaturak ikusita, Udalak erabaki du irailaren 29ra arte zabalik edukitzea.  

Aurten udako instalazioetan beste elementu berri bat gehitu behar da: Txaltxa Zelaieko ur-jolasak.  Instalazio hauek ekainaren 10etik aurrera jarriko dira martxan, egun hauetan egiten ari diren probak gainditu eta gero.

Probaldi honetan, alderdi tekniko eta segurtasunezko guztiak ebaluatzen ari dira, martxan jartzen direnean, ur-jolasek kalitatezko eta arriskurik gabeko esperientzia bat eskain diezaieten erabiltzaileei.

Jon Iraola alkateak familia eta gazte guztiei egiten die gonbita instalazio berriekin disfrutatzeko: “Eibartarren dibertsioan pentsatuz egin ditugu. Jolas hauekin, gure instalazioak handitu eta aisialdirako aukera berriak eskaintzen ditugu. Daukagun orografia eta espazioa kontuan hartuz, konprometituta gaude udal-instalazioak hobetzen segitzeko”.

Ur-jolas hauek aurrerapen esanguratsua dira udal-instalazioetan, eta erantzuna ematen diete udako aisialdirako jardueren eskariari.