Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Emakumezkoen txirrindularitzako Eibarko Hiria-Laboral Kutxa VI. Sari Nagusia aurkeztu da

Eibarko Hiria VI. Sari Nagusiaren aurkezpenaren argazkia.

Eibarko Hiria VI. Sari Nagusiaren aurkezpenaren argazkia.

2024/05/22

Lasterketa datorren igandean, maiatzak 26, izango da eta 10:00etan hasiko da Untzagan; zuzenean ikusi ahal izango da streaming bidez, Eibarko Txirrindulari Elkartearen webgunean. Probak Women Elite 1. PRO kategoria dauka eta 116 kilometroko ibilbidea izango du.

Asteazken honetan (maiatzak 22) egin da Eibarko Udaleko Areto Nagusian Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatu eta UCI PRO-SERIES (1. Pro Féminas), kategoria duen Eibarko Hiria VI. Sari Nagusiaren aurkezpena.

Aurkezpen-ekitaldian egon dira Jon Iraola alkatea, Sonia Archeli Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoa eta Kirol Saileko zuzendaria, Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol-zuzendari andrea, Ángel López Eibarko Txirrindulari Elkarteko presidentea eta Beñat Urain Eibarko Txirrindulari Elkarteko zuzendaria.

Aurten, lasterketa igandean (maiatzak 26), 10:00etan, jokatuko da. Zuzenean jarraitu ahal izango da Eibarko Txirrindulari Elkarteko webgunetik eta 116 kilometro. eta 3 mendate izango ditu:  Itziar, Aia eta Arrate.

Hauxe izango da ibilbidea: Eibar-Azitain-Maltzaga-Elgoibar-Altzola-Mendaro-Deba-Itziar-Arroa-Zumaia (saihesbidea)-Getaria-Zarautz-Aiako gaina-Aizterrazu-Santio Eureka-Orio-Orioko gaina-Zarautz-Getaria-Zumaia (saihesbidea)-Itziar-Deba-Mendaro-Altzola-Elgoibar-Eibar (Azitain)-Arrate.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eibarko Hiria Sari Nagusia ekitaldi enblematikoa bihurtu da gure herriarentzat. Emakumezkoen kirol-talenturako erakusleiho bat izateaz gain, aukera ezin hobea da kultura- eta kirol-arloan herri gisa ditugun balioak eta nortasuna nabarmentzeko”. Gainera, zera adierazi du: “Txirrindularitza-proba honek munduko emakume txirrindulari onenetarikoak erakartzen ditu eta berriz ere Eibar kirol honen erreferentetzat jartzen du”.

Azkenik, dei egiten die eibartarrei kaleak bete eta txirrindulariak animatzeko.