Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ipuruako Jubilatuen Etxeak berritzen jarraitzen du eta laster izango du igogailu berri bat

Ipuruako Jubilatu Etxearen artxiboko irudia.

Ipuruako Jubilatu Etxearen artxiboko irudia.

2024/06/27

Eibarko Udalak 189.271.004 euro gastatu ditu azken hilabeteetan hango instalazioak hobetzeko. Obrek modu nabarmenean hobetu dituzte Ipuruako gizarte-zentroaren baldintzak, erabiltzaileei ingurune seguruagoa, irisgarriagoa eta funtzionalagoa eskainiz.

Ipuruako Gizarte Zentroaren eraikinean duela gutxi amaitu dira berrikuntza-obra garrantzitsu batzuk eta, horren ondorioz, hango estalkia hobetu da, lehen solairuko espazioak birmoldatu dira, eta instalazio elektrikoa eguneratu. Proiektuak iragazgaizte-arazoei heldu eta konponbidea eman die, eta guneen erabilera optimizatu du, erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko.

Hezetasun-arazoak zituen estalki lauaren iragazgaiztea berritzea izan da proiektuaren ardatzetako bat. Lehen solairuan, eskailburuaren eta fatxadako hormaren arteko espazioa itxi egin da, podologia-gela berri bat izateko. Fisioterapia-areto zaharra erabilera anitzeko gela bihurtu da; egokia gauza asko egiteko.

Instalazio elektrikoari dagokionez, argiak, entxufeak, etengailuak eta larrialdi-sistemak berritu dira lehen solairuan. Solairu horretako egongelara sartzeko atea ere aldatu da. Besteak beste, alikatatuak eraitsi, instalazioak eta altzariak desmuntatu, pladurrezko trenkadak eraiki, paretak egokitu, ate berriak jarri eta paretak margotu dira.

Ipuruako Gizarte Zentroa San Pio elizatik sarbidea duten garajeen gainean dago, eta bi solairu ditu. Beheko solairuan, sarrerako atondo bat, kafetegia sukaldearekin, biltegia, komunak eta bulego bat daude. Lehenengo solairura igotzeko eskailerak eta karga-jasogailuak daude. Solairu horretan hall bat, eguneko zentro gisa egokitutako egongela bat, fisioterapia-gela bat, ile-apaindegia eta komunak daude. Berrikuntza lehen solairuan kontzentratu da, bereziki fisioterapia-gelan, erabilera anitzeko gela bihurtu dena, bere bi paretetako alikatatua eta zegoen konketa kenduz; hala ere, terrazozko zorua bere horretan utzi da. Hallean, pladurra erabili zen podologia-gela berria izateko, terrazozko zorua lehen bezala utziz eta leihoetatik aireztapena ziurtatuz.

Proiektu barruan, estalkiaren iragazgaiztea zegoen sartuta: asfaltozko  geruza bi aplikatu ziren eta txapelak jarri.

Lehen solairuan, alikatatuak eta konketak eraitsi dira, barandak eta ateak desmuntatu, pladurrezko trenkadak eraiki, elektrizitate-aldaketak egin eta ate eta arotzeriako elementu berriak instalatu. Berokuntza-sistema eta suteak detektatzeko sistema bere horretan utzi dira.

Estalkian egindako lanen artean hauek dauzkagu: legarra kendu eta ondoren berriro botatzea, iragazgaizte-geruzak desmuntatzea eta oihal geotestilez egindako iragazgaizte berri bat aplikatzea. Gainera, eraispenak, igeltserotza-lanak, instalazio elektrikoa, zurgintza eta pintura-lanak ere egin dira.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Ipuruako Gizarte Zentroan egin diren eta egiten ari garen obrak funtsezkoak dira gure zentroaren irisgarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko. Estalkia berritzea, espazioak birkonfiguratzea… Obra horiek guztiak urrats garrantzitsuak dira gure erabiltzaileei ingurune abegikorrago eta efizienteago bat eskaintzeko”. Halaber, zera gaineratu du:  “Hasiera-hasieratik, etengabeko hartu-emana izan dugu erabiltzaileekin, eta lehentasuna eman diogu haien eskaerei eta beharrei erantzuteari. Uste dugu benetan garrantzitsua dela egin dizkiguten iradokizunak entzutea, gure instalazioak haien eskakizunetara egokitzeko”

Igogailuaren obrak hasteko zain

Dagoeneko eginda dauden lan horiez gain, ile-apaindegian ate bat aldatzea falta da; 2.612,90 euroko kostua izango du. Igogailuaren obra, aste honetan bertan egiten hasiko dena, 98.953,69 euroan adjudikatu da, eta 12 astekoa da obra hori egiteko epea.