Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Martxan da “Rexcatering” izeneko ekimen berritzailea, zeinak, elikagaiak alferrik ez xahutzea helburu, jangela kolektiboetako elikagaiak berreskuratuko baititu

"Rexcatering" ekimena aurkezteko prentsaurrekoaren irudia.

"Rexcatering" ekimena aurkezteko prentsaurrekoaren irudia.

2024/07/12

Erreskatatutako elikagaiak Egogain Zentroaren kanpoan jarriko den vending-makinan egongo dira eibartarren eskura. Proiektu pilotu honekin, Udalak elikagaien xakuketaren aurka borrokatu nahi du, elikagai-soberakinak erabili nahi dituen ororen eskura jarrita eta urrats bat harago joanda hondakin organikoaren prebentzioan eta "Zero Zabor" ekimenaren kudeaketan. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatu du.

Eibarrek bat egingo du elikagai-xahuketaren kontrako Rexcatering sarearekin. Gaur, 2024ko uztailak 12, modu ofizialean emango zaio hasiera Egogain Zentroa eta J.A. Mogel Ikastolako jangeletako elikagai-soberakinak berreskuratzeko proiektuari, Zero Hondakin Fundazioarekin elkarlanean, eta Eibarko Udalaren, Debabarreneko Mankomunitatearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioari esker.   Berreskuratutako elikagaiak hiritar guztien eskura egongo dira doan, Egogain Zentroaren kanpoaldean (frontoiaren ondoan) egongo den vending-makinan (Eibarko Zero Zabor Hozkailua).

Proiektu hau abiarazteko, Debabarreneko Mankomunitateak, Zero Hondakin Fundazioaren bitartez, elikagai xahuketaren gaineko azterketa sakona egin zuen Debabarreneko hiru  jangela kolektibotan, hain zuzen ere, Mendaroko Ospitaleko, eta Eibarren kokatutako J.A. Mogel Ikastolako eta Egogain Zentroko jangeletan. Azterketa aurrera eramateko, parte hartu duten zentroen jangeletako diagnosia egin da, baita  Elikagaiak Alferrik ez galtzeko Prebentzio Plana ere. Lortutako datuek erakusten dute, jangela kolektiboetan jakirik soberan ez geratzeko ahalegin handia eginda ere, ezinezkoa dela soberakinik ez egotea. Soberakin hori da, hain zuzen, Rexcatering ekimenak berreskuratu eta beste pertsona batzuek erabili ahal izango dutena.    

J.A Mogel Ikastolako eta Egogain Zentroko protagonista nagusiak bertako ikasleak zein langileak dira, zalantzarik gabe. Izan ere, inplikazio handia izango dute prozesuan, zeinak, elikagaiak errekuperatzeaz gain,  herritarrek jatekoaren garrantziaz  kontzientzia har dezaten balio baitu.  Sukaldeko langileak (aurretiaz formakuntza jasota) arduratuko dira soberan geratutako jakien ontziratzeaz eta etiketatzeaz, baita “Zero Zabor Hozkailua” vending-makinako hozkailu eramangarrien bitartez garraiatzeaz ere.  J.A Mogel Ikastolan, ikasleek ere funtsezko betebeharra izango dute prozesuan zehar, zentroaren heziketa-planaren  barruan proiektuaren zati aktiboa izango baitira.

Izan ere, irailetik aurrera, Ikastolan soberan geratutako anoak ikasleek eurek garraiatuko dituzte Egogaineko Zentroan egongo den makinara. 

Elikagaien xahuketa arazo etikoa ez ezik, ekonomiarekin  eta ingurumenarekin lotutakoa ere bada.  Munduak ekoitzitako elikagai guztien herena (1.600 milioi tona) joaten alperrik galtzen da  Hori horrela, Rexcatering ingurumen-, heziketa- eta gizarte- egitasmoa da,  erabateko lotura duena Garapen Jasangarrirako Helburuekin  (GJH, 12.3) eta  Europar Batasunetik bultzatzen diren politika berriekin.

Udal honentzat jarduera-ildo estrategikoa da, 2023ko urtarrilaren 30ean onartutako "Eibarko Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana" neurriaren barruan (L4. Hondakinen sorrera minimizatzea eta horien berrerabilera eta birziklapena areagotzea, zehazki "Elikagaien kontsumo arduratsua eta xahuketaren prebentzioa inplikatutako eragileekin koordinatuta jorratzea (saltokiak eta saltoki handiak, ikastetxeak, ostalaritza, etab.)". Berrikuntza teknologikoan osagai sendoa du, eta dagoeneko beste udalerri batzuetan ezarrita dago, hala nola Azpeitian, Etxebarrin, Plentzian, Durangon, Lemoan, Portugaleten, Orion, Bilbon, Donostian, Bermeon edo Urdulizen. Udalerri horietan, eskola-egutegiaren arabera funtzionatzen du proiektuak, eta otorduak eskaintzen ditu irailetik ekainera bitartean. Nolanahi ere, Eibar aitzindaria izango da  bi arrazoirengatik: egoitza batek  parte hartzen duenez gero, batetik, afarietan soberan geratutakoak ere errekuperatuko dira, eta, bestetik, urteko 365 egunetan egongo da erabilgarri.  

Elikagaien xahuketa orain arte Eibarren inoiz landu ez den gaia izanik, eta hondakinen prebentzioan duen garrantziaz jabetuta, Udalak proiektu pilotu gisa hasiko du, lehenengo adierazitako bi zentroetan ezarrita, eta, ondoren, emaitzen arabera, herriko beste toki batzuetara zabaltzea aztertuko da. Proiektu pilotu hau aurrera eramaten laguntzeko eta materialak erosi ahal izateko, Eibarko Udalak 18.500 euroko dirulaguntza izango du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailari esker.

Informazio gehiago jasotzeko: Zero Hondakin Fundazioa

Álvaro Saiz Ruiz                                                       Ainhoa Crespo Gadea.

635 750 581                                                              674 041 438

fundacionresiduocero@gmail.com               

 

REXCATERING, elikagaien soberakinen errekuperazioa:

www.rexcatering.com

www.fundacionresiduocero.org

Bideoa: https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/videos/detalle/9412883/video-la-ikastola-de-orio-pone-a-disposicion-de-ciudadania-comida-que-sobra-en-comedor/