Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mekolako igogailu berria martxan datozen egunetan

Mekolako igogailu berriaren argazkia.

Mekolako igogailu berriaren argazkia.

2024/07/02

Aurten abian jartzen den hirugarren igogailu publikoa da; duela 2 hilabete Errekatxukoak inauguratu ziren. Proiektuak 1.642.547 euroko aurrekontua izan du.

Mekolako igogailu publiko berria datozen egunetan jarriko da martxan eta nabarmen hobetuko du auzoaren irisgarritasuna. Proiektu hau Eibarko Udalak finantzatutako eta koordinatutako plan zabalago baten parte da, herria biziberritzea eta irisgarritasuna hobetzea duena xede.

Igogailua Berdintasunaren pasealekutik abiatu eta Mekola kaleraino (Ardantzatik datorren bideraino) iristen da. Altuna y Uría enpresa adjudikaziodunak egin ditu lanak, pasa den urteko otsailean egin zen lizitazio-prozesuaren ondoren, eta kostua 1.642.547 eurokoa izan da. Obrek 40 asteko iraupena izan dute.

Igogailua Berdintasun pasealekuaren parkean abiatzen da, Bildosolaneko txalet zaharraren lursailetan egindako hondeaketaren ondorioz geratu den gunean. Igogailu honek 11 metroko altuera gainditzen du eta tarteko geraleku bat du Mekolako 6, 7 eta 8 zenbakietako etxebizitzei zerbitzua emateko. Goiko aldea oinezkoen pasarela batekin konektatzen da Ardantzatik eta etxebizitzen urbanizazio berritik Mekolara datorren bidera.

Proiektu hau osatzeko, bigarren gailu bertikal bat egingo da Arratebideraino, gaur egun eraikitzen ari diren etxebizitzen urbanizazio berriaren ondoan.  Plan integralak jasotzen du, halaber, Bildosolaneko txaleta zegoen lurretan parke bat egitea jardingune zabal batekin, eta San Juan kalearen atzealdean dagoen aisialdi-eremua berrurbanizatzea.

Mekolako irisgarritasunaren hobekuntza jendearekin izandako partaidetza-prozesu baten emaitza izan da. Prozesu horretan, leku desberdinak proposatu ziren igogailuak jartzeko, eta, eztabaida baten ondoren oraingo aukera adostu zen. Horrez gain, beste hobekuntza batzuk ere adostu ziren Mekolarako, hala nola Ardantzako Babes Ofizialeko Etxeetatik Arratebiderainoko zatia urbanizatzea, eta auzoko trafikoaren inguruko gogoeta bat egitea.

Egitasmo honek, irisgarritasunaren hobekuntza bilatzeaz gain, inguru atseginago eta bizigarriago bat sustatu nahi du Mekolako bizilagun guztientzat.