Udako Beherapenen Azoka aste honetan egingo da Toribio Etxebarria kalean
26 establezimenduk parte hartuko dute aurten "Factoring 2024 - Udako Aukeren Azokan"; horietatik 19k kalean jarritako standetan parte hartuko dute, eta beste 7k beren saltokietatik.
Eibarko Udako Beherapenen Azoka Toribio Etxebarria kalean egingo da aurten ere, Eibarko saltokiek merketutako produktuak salgai jartzeko, eta bezeroek deskontu garrantzitsuekin erosteko aukera izan dezaten. Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) eta Eibarko Udalak elkarlanean antolatutako "factoring" ospetsua uztailaren 16an, 17an eta 18an egingo da; berrikuntza gisa, aurten asteartera aurreratu da, eta, horrela, aste honetako astearte, asteazken eta osteguna izango dira azoka egunak
Aurtengo Beherapenen Azokan 26 establezimenduk hartuko dute parte. Horietatik 19 Toribio Etxebarria kalean zehar jarritako karpetan egongo dira, eta beste 7 euren saltokietan.
Azoka gaur, uztailak 16 (asteartea) inauguratu da, 09:45ean, antolatzaileak, tokiko agintariak eta Eibarko merkataritzako ordezkariak bertan izan direla. Azoka ostegunera arte egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara (biak barne).
Parte hartuko duten 19 establezimenduak honako hauek dira: ATELIER11, BEITTU, BAMBI, BURBUJAS Y MAS, DESIGNED BY NONA, ESKULAN, GIGIL DESIGN, GRATZINA, GUBY, HELMET HOUSE, IKUSI, KOPIÑA, LULU, MOAPICS, NO COMMENT, OTAOLA DESKANTSU DENDA, PISSA, TWINS eta TXUKUNA.
Gainera, beren establezimenduetatik, ASKASIBAR, CEDRY, EL VESTIDOR, FARMALUR, FEDERÓPTICOS IGMAR, OSKARBI ETA VIECO saltokiek hartuko dute parte Azokan.
Azokak hainbat merkataritza-sektoretako produktu-sorta zabala eskainiko du: ekipamendu pertsonala (arropa, oinetakoak eta osagarriak), etxeko produktuak, kirola, dekorazioa, optika, jostailu-denda, paper-denda, opariak edo parafarmazia.
Standak kokatzerakoan, tabernek Toribio Etxebarria kaleko beren establezimenduen aurrean jartzen dituzten terrazetarako behar adinako lekua utziko da.
... eta kitto! Euskara Elkartea, bestalde, azokan izango da berriro, "Euskaraz Primeran" programaren bidez. Herritarren artean euskara sustatzeko jarduerak egingo ditu, alderdi ludikoa eta erosketak egiteko orduan euskara erabiltzea uztartuz.
Oraingo honetan, ... eta kitto! Euskara Elkartearen standera hurbiltzen direnek kristalezko ontzi batzuk koloretako harriekin bete beharko dituzte, parte hartzaileek euskararekiko hartzen duten konpromisoaren arabera: harri urdina "lehen hitza euskaraz" saltoki edo ostalaritza establezimendu batera joatean bada; harri laranja, "elkarrizketa euskaraz hastea" bada; eta harri arrosa "elkarrizketa euskaraz mantentzea" bada.
Parte-hartzaileek "Euskaraz Primeran" leloa duen poltsa berrerabilgarria jasoko dute, eta EMGIk emandako 100 euroko erosketa-bonuaren zozketan sartuko dira, azokako postuetan bertan erosketak egiteko. ...eta kitto!-ren stand-a Toribio Etxebarrian egongo da hiru egunetan, Birjiñape zeharbidearen ondoan, goizeko 10:30etik 12:30era. Zozketa ostegunean egingo da, 12:30ean, standean bertan.