Andretxeak udazkeneko ikastaroen eta tailerren aurkezpena egin du

Jon Iraola alkatea eta Sonia Archeli, Berdintasuneko eta Gizartekintzako zinegotzia.

Jon Iraola alkatea eta Sonia Archeli, Berdintasuneko eta Gizartekintzako zinegotzia.

2024/09/20

Eibarko Emakumeak Ahalduntzeko Eskola topagune izango da aurten ere errealitatea ikuspegi kritiko, dekolonial eta feministatik aztertzeko, eta horren inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko.

Jon Iraola alkateak eta Sonia Archeli Berdintasunaren zinegotziak gaur goizean aurkeztu dute Andretxeak, Isasi kaleko bere egoitzan, eskainiko dituen tailer eta ikastaroen programazioa. Ikastaroak euskaraz zein gaztelaniaz izango dira. Gune feminista batean egiten diren jardueren helburua da hausnarketaren eta parte-hartzearen bidez herritar guztiak berdintasunean trebatzea.

Estrategia eta aliantza feministak sortzeko eta indartzeko gune bat izango da, non ikastaro eta tailer desberdinetatik maila pertsonalean eta kolektiboan indartzeko prozesuak bultzatuko diren. Eibarko Jabetze Eskolak udazken honetan eskainiko dituen ikastaroak honako hauek izango dira:

Klimateriotik menopausiara: teoriatik gorputzera

Parte-hartzaileak klimaterioaren munduan murgilduko dira: bizitzaren sasoi horretan zer gertatzen den eta zergatik. Menopausia zer den ere definituko da. Teoriatik gorputzera abiatuko da, gertatzen den horren erantzunak bilatuz. Hainbat tresna erabiliko dira, eta taldearen indarra baliatuko da horretarako.

Nik ere konpontzen dut: etxeko konponketen tailerra

Tailer honetan oso modu praktikoan lan egingo da. Ikasleak oinarrizko tresnak erabiltzeko gai izango dira eta hasieran konplexuak iruditzen zitzaizkien zereginak beteko dituzte. Metodologia sinple eta argi batean oinarrituta lan egingo da, alderdi teoriko batzuk jorratuz, zailtasunak partekatuz eta ikasleen beharretara egokituz.

Gure bizi-energia hobetzen: Chi Kung

Chi Kung edo Qi Gong osasuna modu integralean hobetzeko praktika osagarriak dira, gorputza, burua eta energia kontuan hartzen dituztenak. Ariketa leunekin, arnasketarekin eta arreta integralarekin batera, parte-hartzaileek osasuna eta bizi-energia hobetuko dute.

Biorrisa: barreterapia tailerra

Tailer honetan jolasa, barrea, konplizitatea, begiradak… nahastuko dira hausnarketa, kontzientzia eta presentziarekin. Espazio honetan, edalontzia erdi beterik ikusteko aukera geure esku dagoela gogoratuko da, eta ohitura osasungarriak sortuko dira, hala nola geure buruari adeitasunez hitz egitea edo bizitza jolas gisa hartzea.

Garaiko eta tokiko sukaldaritza begetarianoa

Tailerretan, taldeak berebiziko garrantzia du. Kozinatzeko era jasangarri eta osasuntsu batetik, elikadura-eredu eraldatzailearen gakoak ezagutuko dira, bertako eta garaiko elikagaiak erabiliz. Tailerraren helburuak hauexek dira: geure buruarekiko eta naturarekiko errespetua eta zaintza garatzea, landa eremu biziaren garrantzia aldarrikatzea, emakume nekazarien lana ikusaraztea eta bizitza erdigunean jartzea.

Pole Dance – Boteretzeko ikastaroa

Tailer honen bidez, Pole Dance jarduera ezagutuko da, hau da, barra bertikal finko baten gainean egiten den ariketa fisikoa. Gorputzarekin formak, biraketak eta irudiak eta bestelakoak egiten ikasiko da. Ikastaro hau edozeinentzat da; izan ere, oinarrizko elementu eta ariketekin hasiko da eta bakoitzaren indargune eta ahulguneetara egokituko da, maila desberdinetako ariketak proposatuz.

Autobiografia: pertsonala dena politikoa ere bada

Ikastaro honek, egile nabarmenen testu autobiografikoetatik abiatuta, kontzientzia kritikoa suspertu eta memoria feminista pertsonala, kolektiboa, globala eta tokikoa berreskuratu nahi du.

Barrez lehertu behar dut!: umore-tailerra ikuspegi feminista batetik

Umorea eta ikuspegi feminista landuko dira. Emakumeak umore hartzaile, umore objektu  eta umore sortzaile gisa aztertuko dira. Hiru eremu horiek aztertuta, generoak umorean duen eragina ulertu ahal izango da.

Autodefentsa Feminista (14 eta 17 urte arteko neskentzat)

Tailer honen bidez, erasoak identifikatu ahal izango dira, haien jatorria aztertu, eta bortizkeriaren garapena eta ondorioak ezagutu. Era errazean eta zailtasunik gabeko tekniken bidez ikasiko da emakumeek eguneroko bizitzan pairatzen dituzten eraso sexistei aurre egiten.

Menopausia eta elikadura

Tailer teoriko-praktiko honetan ikasiko da zer gertatzen den gorputzean menopausian, eta bizitzako fase honetan nola lagundu elikagai eta edari egokiekin. Nola prestatu elikagaiak eta gure eguneroko elikaduran sartu Menopausia garaia guztiz aberasgarria izan daiteke kontzienteki eta autozaintzatik biziz gero.

Elikadura osasuntsuaz gozatu II

Gorputzari entzungo zaio eta haren premiak zeintzuk diren identifikatu ondoren, premia horiek asetzeko behar diren elikagaiak aukeratzen ikasiko da. Helburua zoriontsu bizitzea da, osasuna zainduz eta naturarekin bat egiten ikasiz. Horretarako, garrantzitsua da nork bere buruaren kontzientzia izatea: "Kontzientziak gidatzen du elikadura, burua, pentsatzen duguna, esaten duguna, egiten duguna, eta, oro har, bizitzeko modua.”

Plazera, desioa eta jolasa

Zer da plazera? Zer da desioa? Eta zergatik landu jolasen bitartez? Tailer teoriko esperimental honetan zer den plazera eta zer erotika eta haien arteko ezberdintasunak azalduko dira. Baita gure bizitzan zer leku betetzen duten ere. Plazera eta erotika jolasaren bitartez landuko dira, batetik, ondo pasatzeko, eta, bestetik, gorputzetik abiatuta egiteko, hain zuzen, gorputzaren bitartez lortuko baita plazera.

Gora borroka feminista! Gure genealogietan arakatzen

Pertsonetatik abiatuta genealogia feministan arakatuko da errelato kolektiboa eraikitzeko. Lehen lerroan borrokatu diren emakumeak egongo dira, haiengandik ikasteko, eta bereziki galdetzeko nola iritsi garen honaino; hots, zeinek, nondik eta zerekin eraiki diren orainaren eta iraganaren bertsioak; nola eraiki diren errealitate soziala eta memoria. Memoria egingo da feminismoaren oinarrietan sakontzeko, teoria eta praktikak ezagutzeko, egindako ibilbideak ulertzeko eta desiratzen dugun etorkizunera gerturatzeko.

Informazio hori guztia jasota dago Andretxeko 2024ko udazkeneko programazioaren liburuxkan.

Aurrematrikulak irailaren 1etik 25era bitartean (biak barne) egin ahal izango dira, Udalaren eta Andretxearen webguneetan eskuragarri egongo den formulario bat betez (Andretxean ere bete ahal izango da inprimakia).