2024ko San Juan jaietako programa aurkeztu da

2024ko Sanjuanetako kartela.

2024ko Sanjuanetako kartela.

2024/05/24

Egitarauak uztartu egiten ditu sanjuanetako jarduera tradizionalak, hala nola dultzaineroen harrera edo danborrada, beste kirol- eta kultura-jarduera ugarirekin, herrian ekain koloretsu eta erakargarria eratuz. Sanjuanetako jaiez gain, ekainean zehar Urkiko jaiak izango dira lehen asteburuan, eta San Pedro jaiak Beheko Tokian, ekainaren 29an.

Ekaina Eibarren jai eta dibertsioaren sinonimo da eta sanjuanak dira erreferente nagusi gure herriko agenda soziokulturalaren egun gehienetan.

Aste honetan aurkeztu dute San Juan jaietako programazioa prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kultura zinegotziak eta Patxi Lejardi jaietako zinegotziak. Jaietarako prestatutako jarduerak xehetasunez aurkeztu dituzte: besteak beste, Bulego eta La Pegatinaren kontzertuak, ekainaren 21ean eta 22an, hurrenez hurren, eta baita publiko guztientzako kultura- eta kirol-jarduera sorta zabal bat.

Aurtengo sanjuanetako bi une nagusi ekainaren 21eko eta 22ko kontzertuak izango dira.  

Bulegok ostiralean (hilak 21) emango du kontzertua, 23:00etatik aurrera. Talde azkoitiarrak Untzaga plazan aurkeztuko ditu bere kantak. Bulego 2019an eratu zen eta ibilbide arrakastatsua egin du denbora gutxian; haien kantetako batzuk (“Bueltan da”, “Suzko Erroberak”)  irrati batzuen zerrenden lehen postuetan egon dira. “Bueltan da” kantu hori 2021eko udako abesti aukeratu zuen Gaztea Irratiak. Ahaztu gabe, haien aurretik Lilo taldeak joko duela.  

Eta larunbatean (hilak 22), La Pegatinak, Untzaga plazan baita ere, bere errepertorio zabal eta arrakastatsua aurkeztuko du 23:00etatik aurrera, Untzaga plaza osoa dantzan jarriz "Maricarmen", "Lloverá y yo veré" edo "Y volar" bezalako kanta ezagunekin.  Talde kataluniarraren kontzertuaren ondoren, Dj Alaik eta Elena Barkerrek musika elektronikoz girotuko dute Untzaga plaza.  

Jai-egitarauaren barruan, ekainaren 7an eta 8an, “Izengabeak” musika-lehiaketaren I. edizioa egingo da Txantxazelaian eta Untzagan.  

Halaber, ekainaren 8an, Izarok kontzertu bat eskainiko du Untzagan 23:00etatik aurrera.

Ekainaren 23an, San Juan bezperan, jaien egun nagusia ospatuko da. Urtero bezala, Lizarrako dultzaineroen harrera, kuadrillen kalejira, pregoia eta txupinazoa egingo dira. Gainera, aurten berriz ere antolatu dira kuadrillen jolasak Untzaga plazan.  Danborradaren irteera 2 ordu lehenago egingo da Danborradaren Batzordearen eskariz; beraz, 22:00etan irtengo da danborrada Untzagatik , 23:15ean Nele Dantzak emanaldia eskainiko du eta gero San Juan sua egingo da.  Jarraian, Lisker talde eibartarrak joko du Untzaga plazan.

San Juan egunean, hilaren 24an (astelehena), ekitaldi hauek egingo dira: Lizarrako dultzaineroen kalejira, meza Parrokiako Koruarekin, Musika Bandaren kontzertua, kuadrillentzako makro-ginkana, kale-antzerkia, haurrentzako danborrada, erromeria Jainaga eta Narbaizarekin, soka-dantza Kezkarekin, su artifizialak eta berbena bat Jamaica Show taldearekin.

Eta hilaren 25en (San Juan Txiki eguna): Lizarrako dultzaineroen kalejira eta diana, San Juanetako Marmitako lehiaketa, Bergarako konpartsako erraldoien eta Elgetako buruhandien kalejira, familiarentzako kale-antzerkia Adrián Conde konpainiaren eskutik, haurrentzako txokolatada eta su artifizialen beste saio bat.

Hilabetean zehar beste jarduera batzuk ere izango dira: “El señor de los anillos”  filmaren musikaren inguruko kontzertua Untzaga plazan, musika-bandaren eskutik (hilak 14), Biraka Dantza ikuskizuna (hilak 14), Break Dance eta New Style txapelketa (hilak 15), gimnasia erritmikoaren erakustaldia (hilak 15) eta BENGOren kontzertua (hilak 15) ere izango ditugu.

Gainera, ez da ahaztu behar ekainaren 7an, ostirala, Astelenan boxeo emanaldia izango dela 22:00etatik aurrera, bai eta San Juan Igeriketa XXXV. Saria 20:30etik aurrera Ipuruako Kiroldegian.

Txosnaguneari dagokionez, prentsaurrekoan jakinarazi da aurtengo kontzertuak ixteko lanean ari direla, hainbat talderekin harremanetan: Euskal Herriko rap-talde bat reggae eta dancehall nahasten dituena, Andaluziako talde bat eta besteren bat aurrerago zehaztuko dena.  

Jon Iraola alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie sanjuanetako antolakuntzan inplikatutako Eibarko kolektiboei.  “Kolektibo sozialek funtsezko papera jokatzen dute gure jaien diseinuan.Talde horiek (auzo-elkarteak, boluntarioak...) hilabeteak daramatzate gurekin lanean, jai egitarau zabal bat osatzeko. Kolektiboen dedikazioari eta Udalaren lanari esker, bilatzen duguna da sanjuanak jai bat baino gehiago, lotura kultural bat izatea, ospakizunen bidez herritar guztiak batuko gaituena”.

Era berean, alkateak nabarmendu du Udalak ahalegin ekonomiko handia egin duela herritarrei egitarau askotarikoa eta zabala eskaintzeko. Gainera, pozik eta harro azaldu da Urkiko jaien eta Beheko Tokian egingo diren San Pedro jaien ospakizunak direla-eta. Hala esan du: “Jai hauek gure auzoen esentzia eta bizitasuna islatzen dute. Udalaren eta auzotarren arteko elkarlana ezinbestekoak dira gure herriari bizitasuna emateko".

Aurtengo San Juan jaietako aurrekontua 390.000 eurokoa da.

Jaiak iragartzeko kartela

Gaur egindako prentsaurrekoan 2024ko San Juanetako kartel-lehiaketaren irabazleak ezagutzera eman dira.

Aurtengo irabazlea “Dantzatzera” izenekoa da, eta María Ortiz Bañosek egin du; 11 eta 14 urte bitarteko kategorian, Hiart Vázquez Santosek irabazi du lehen saria, "San Juan suaren itzalak" lanarekin; eta 10 urte bitarteko parte-hartzaileen kategorian, Manex Aizpurua Plaza izan da irabazlea, "Tanborra jo ta su" kartelarekin.

Lehiaketan 82 pertsonak parte hartu dute, horietatik 51 helduen kategoriakoak; 12 pertsona, 11 eta 14 urte bitartekoak; eta beste 29, 10 urtetik beherakoak. Epaimahaia Iratxe Unanuek, Natalie Garridok eta Leire Kareagak osatu dute.

Alkohol-kontsumoaren aurkako pegatinen umorezko lehiaketari dagokionez, irabazlea “NahiOK” izan da, Ioseba Imanol Vilas Molinarena. Lehiaketan 24 lagunek parte hartu dute.