Eibarko Udal Musika Eskolak, gero eta ikasle gehiago dituen honetan, proposamen berriak eskaintzen ditu

Udal Musika Eskolak aurtengo musika-ikasturteko hasiera aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

Udal Musika Eskolak aurtengo musika-ikasturteko hasiera aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2024/09/17

Aurten 400 ikasle inguru matrikulatu dira, eta aurreko ikasturteko kopurua gainditu da. Aurtengo berritasun nabarmenetako bat da Nafarroako gaita edo dultzaina jotzen ikasteko eskaintza.

Gaur goizean, Eibarko Udalak eta Udal Musika Eskolak aurtengo musika-ikasturteko hasiera aurkeztu dute prentsaurrekoan. Udal Musika Eskolak berritasunez beteta emango dio hasiera aurtengo ikasturteari. Ikasle gehiago ez ezik, eskaintza zabalagoa ere izango du aurten Eskolak. 400 ikaslek eman dute izena, iaz baino 40 gehiagok, eta horrek herrian dagoen musikarekiko gero eta interes handiagoa erakusten du. Musika Eskolaren eskaintza zabala da, adin guztietako pertsonei zuzendua: 4 urtetik hasita 70-80 urtera arteko helduek ikasi dezakete bertan. 

Iraide Ansorena, Eibarko Musika eskolako zuzendariak dioenez, “musika ez da gazteenentzat bakarrik. Musikak onurak ekartzen ditu bizitza osoan zehar, memoria, pentsamendua, gogo-aldartea eta emozioak estimulatuz. Pertsonak konektatzen dituen hizkuntza unibertsala da, adina edozein dela ere”.

Aurtengo berritasun nagusien artean, Nerea Ariznabarretak emango duen “Musika-tailerra +65” izenekoa dugu. Tailerra 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, helburua izanik musikak adinekoen osasun mentalean eta emozionalean dituen onurak baliatzea. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 20ra arte, eta klaseak urrian hasiko dira. Bi talde egongo dira:  astearteetan 19:00etatik 20:00etara eta ostegunetan 15:30etik 16:30era.

Beste berrikuntzetako bat Nafarroako gaita edo dultzaina jotzen ikasteko eskaintza da. Izan ere, Gipuzkoan tradizio eta garrantzi handia duen  musika-tresna da dultzaina.

Horrez gain, ikasturte honetan Eskolak Euskal Herriko musika-eskolen dekretu berria ezarriko du, oraintsu argitaratu dena, aurrekoa 30 urtez indarren egon ondoren. Aldaketa honek erronka garrantzitsua dakarkio Eskolari, zeina araudi berrietara moldatzen ari baita.

Azkenik, Andoni Zabala Kultura Saileko zinegotzia gogotsu eta ilusioz agertu da  erronka berri hauei zein 24-25 kurtsoan zehar sortu daitezkeen beste hainbati aurre egiteko. Era berean, herritarrak animatu nahi izan ditu aipatutako jardueretan parte har dezaten.

Walter Tuzzeori omenaldia 

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak iragarri du irailaren 28an Walter Tuzzeo omenduko dutela, Eibarko Gazte Musika Elkarteko (AMJE) presidente ohia eta Legarreko musika lokalen grabazio estudioaren arduraduna. Walter martxoaren 18an hil zen.

Horretarako, hamabi kontzertu berezi baino gehiago eskainiko dira Untzagan, 18:00etatik aurrera. Besteak beste, Trio Medianoche, Puro Chile, Ustekabe, Judas Argarate, Eirband, Melissa & The Jacks, We Are Apes Hello!, David Karba, The Vartools, EIbarko Koro Gaztea, Azkaiter Pelox, Urkari, Mursego, Rumbo Paraiso, eta Mirari ta Aintzane arituko dira.