Eibarko Udalak Arrateko jaien egitaraua aurkeztu du

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2024/09/03

Arrateko jaiek tradizio eta indar handia dute herrian. Soba elkartearen eta Udalaren artean antolatutako jai elektronikoa egitarau ofizialean sartu da.

Gutxi falta da eibartarron kutunetakoak diren Arrateko jaiak ospatzeko. Ekitaldiak irailaren 7an hasi eta irailaren 15ean amaituko dira. Era guztietako jarduerak egongo dira, eliz-ospakizunak, kirol-lehiaketak, kontzertuak eta beste.

Ospakizunak irailaren 7an hasiko dira, Arrate Egunaren bezperan egingo den “Zelaian” ikuskizunarekin. Musika elektronikoa eta teknoa nahasten dituen ekitaldia Sobak eta Udalak antolatu dute eta 16:00etan hasiko da, Gurutzean. 18:00etan, meza egingo da Arrateko Santutegian, eta gero Salbea, txupinazoa eta kanpai-errepika. Herri-kirolak izango dira 19:00etan, eta, ondoren, bertso-afaria Tiro Pitxoi jatetxean, 21:00etan; bertan, Maialen Lujanbiok, Nerea Ibarzabalek, Andoni Egañak eta Iker Zubeldiak hartuko dute parte.  Gaueko programazioari amaiera emateko Tapia eta Leturia, Inguma, Roba Estesa eta DJ M & M. arituko dira.

Arrate Eguneko ekitaldiak 10etan hasiko dira. Igoera egingo da Azitaindik abiatuta Ama Birjinaren pausoen bidetik, eta salda, txorizoa eta ardoa banatuko dira Zesteroko iturrian. Ordu berean, “Kittonbola” egingo da eta, 10:30ean, Usartza Txistularien Bandak animatuko du giroa.

11:00etan, Arrateko Santutegiko Meza Nagusian, Arrateko Ama Birjinaren ezpata-dantza egingo da, eta, ondoren, prozesioa, dantza talde, bertsolari eta herriko agintariez lagundurik. 12:30ean, Kezka Dantza Taldeak eta Usartza Txistulari Bandak Arrateko Ama Birjinaren dantzak egingo dituzte Arrateko zelaian. 13:30ean Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eta Telleria eta German Meabebasterretxea bertsolarien txanda izango da.

Arratsaldean, 17:00etan, bertsolariek beste saio bat eskainiko dute, eta 17:30ean dantza solteko lehiaketa hasiko da; 10 bikotek hartuko dute parte. Egunari amaiera emateko, alkohola prebenitzeko kanpaina bat egingo da eta berbena bat Emepe5 taldearekin.

Jon Iraola alkateak Udalaren eta Eibarko hainbat erakunde eta talderen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, jaiak "guztion lanarekin egin ahal izateko, herritarrek gustu eta adin guztietarako jardueretan parte hartu ahal izatea nahi dugu".

Jaien amaiera irailaren 15ean izango da, Kofradiaren eta erretiratuen Egunean. Simon Aldazabal XXIX. Lasterketa jokatuko da, 10:30ean hasita Eibarko Klub Deportibotik. 11:00etan Meza Nagusia egingo da, bertsolariekin, eta, jarraian, prozesioa izango da, Usartza Txistularien Bandak lagundurik.

12:00etan paella-lehiaketa izango da. Izen-emateak irailaren 11ra arte egin d aitezke, inprimaki ofizialaren bidez. Sariak 14:00etan banatuko dira eta 17:30ean idi probak egingo dira. Ikuskizun horrek emango die amaiera jaiei.

Autobusen ordutegia

Irailaren 7an, larunbata, arratsaldeko autobus zerbitzua 17:00etatik (Eibar-Arrate) 22:00etara (Arrate-Eibar azken zerbitzua) ibiliko da. Lehenengo kasu honetan, autobusera igo nahi dutenek Ego Gainera joan beharko dute.

Irailaren 8an, igandea, autobusek etenik gabe egingo dute ibilbidea 8: 30etatik (Eibar-Arrate lehen zerbitzua) 23:30etara arte (Arrate-Eibar azken zerbitzua). Bigarren kasu horretan, autobusak Toribio Etxeberritik abiatuko dira, Untzaga plazarekiko bidegurutzearen ondoan.

Gainera, 7 eta 8 gauen arteko zerbitzua indartzeko, aurten ordu erdiro Arratetik jaisteko autobusak egongo dira. Zerbitzua goizaldeko 1: 30etan hasi eta 8: 00ak arte luzatuko da.

Beste behin ere, autobusak doakoak izango dira erabiltzaile guztientzat, eta Eibarko Udalak bere gain hartuko ditu zerbitzuaren kostuak.