Eibarko Udalak musika-ikastaroak jarriko ditu martxan 65 urtetik gorakoentzat

2024/07/10

Aukera ezin hobea izango da musikarako zaletasuna berpizteko eta ongizatea hobetzeko. Izena emateko epea irailaren 1ean hasi eta 20an amaituko da. Matrikula Portaleko 4. solairuan egingo da.

Eibarko Udalak ekimen berri bat iragarri du pertsona nagusiei zuzendua: musika-ikastaro bereziak 65 urtetik gorakoentzat. Matrikula-epea irailaren 1etik 20ra arte egongo da zabalik. Ikastaro hauek aukera emango diete pertsona nagusiei berriz ere musikarako plazera sentitzeko eta ongizate fisiko nahiz emozionala indartzeko.

Hainbat dira lortu nahi diren helburuak. Nagusienetako bat zera da: tresna musikal desberdinen erabilera aurkitzea edo gogoratzea, eta ahotsaren posibilitateak aztertzea. Musikarekiko interakzio horrek oroitzapenak pizteaz gain, burua eta espiritua ere suspertzen ditu eta esperientzia gogobetegarria eskaintzen du.

Gainera, musika bitarteko bat bihur daiteke aktibo eta konprometitu sentitzeko. Parte-hartzaileek talde-kohesioa eta harreman pertsonalak landuko dituzte, eta, hala, komunitate-sentimendua eta elkarrekiko babesa sustatuko da. Doinu eta ariketa erritmikoen bidez, disfrutatzeaz harago dauden gaitasunak entrenatuko dira; horrek guztiak isolamendua prebenitzeko ere balioko du, eta baita aldartea eta autoestimua hobetzeko ere.

Ikastaro hauekin, halaber, funtzio fisiko eta intelektualak indartuko dira. Hainbat arlo landuko dira bereziki, hala nola arreta, memoria, sormena, hunkiberatasuna, hizkuntza eta sentimenduen adierazpena. Horrek guztiak mugimenduen funtzioak hobetu ez ezik arazo fisikoak eta ahozko arazoak ere arintzen lagun dezake.

Mugikortasuna hobetzen ere lagunduko du, eta hori funtsezkoa da independentzia eta bizi-kalitatea izateko. Baina, agian, garrantzitsuena hauxe da: ikastaro hauek pentsatuta daudela parte-hartzaileek barre egin eta ondo pasa dezaten, alaitasunerako eta satisfakzio pertsonalerako uneak sortuz.

Jon Iraola alkateak 65 urte baino gehiago dituzten guztiak gonbidatu ditu ikastaro hauetan parte hartzera, esperientzia eraldatzailea eta atsegingarria delako. Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 1etik 20ra, Portaleko 4. solairuan.

Bi txanda egongo dira astean: asteartetan 19.00etatik 20:00etara eta ostegunetan 15:30etik 16:30era. Ikastaroak urriaren 1ean hasiko dira.