"Izengabeak" musika lehiaketa berriak eta Izarok bat egingo dute 2024ko sanjuanetako programarekin

"Izengabeak" musika lehiaketa berriaren aurkezpeneko irudia.

"Izengabeak" musika lehiaketa berriaren aurkezpeneko irudia.

2024/03/19

Lehiaketak Eibar inguruko musika-talentua sustatzea eta nabarmentzea du helburu. Izengabeak ekainaren 7 eta 8rako dago programatuta, eta erreferente izan nahi du musika-taldeek eta bakarlariek beren musika-trebetasunak erakusteko. Izaro abeslaria, ekainaren 8an, larunbatean, arituko da.

Gure herrian eta Debabarrenean dagoen musika-talentua sustatu eta nabarmentzeko xedez, Eibarrek “Izengabeak” izeneko musika-lehiaketa berri bat hartuko du ekainaren 7 eta 8an. Lehiaketa honek plataforma bat eskainiko die musika-taldeei eta bakarlariei, beren sormena eta trebetasuna giro lehiakor eta estimulatzaile batean erakusteko. 

Lehiaketa Eibarko Udalak antolatu du. Bertan parte hartzeko musika-taldearen % 50k gutxienez Debabarrenekoa izan behar du eta beste baldintza bat da orain arte bi disko baino gehiago kaleratu ez izana. Musika-estiloa librea da, eta horrek aparteko aukera emango die herriko artistei beren originaltasuna erakusteko.

Parte hartzeko prozesua sinplea eta irisgarria da. Interesdunek lehiaketaren web-orrian prestatutako atal batean emango dute izena. Bertan, taldearen historia labur bat, argazki adierazgarri bat, rider edo fitxa tekniko bat eta lau kantu aurkeztu beharko dituzte MP3 formatuan. Abesti horietako bi, gutxienez, konposizio originalak izango dira, eta guztira ez dute 20 minutu baino gehiago iraungo.

Lehiaketak bi fase nagusi izango ditu: hasierako aukeraketa-fasean, izena emandako talde eta bakarlari guztietatik hautaketa bat egingo da; eta lehiaketaren azken fasean, hautatutako finalisten zuzeneko emanaldiak egingo dira. Andoni Zabala Kultura zinegotziaren arabera, “Izengabeak" lehiaketak, talentua erakusteko plataforma bat izateaz gain, musikarien eta publikoaren arteko interakzioa eta ideien hartu-emana ere sustatuko du.

Gainera, Eibarko alkate Jon Iraolak iragarri duenez, Mallabiko abeslariak, Izarok, ekainaren 8an, larunbatean, Untzaga Plazan abestuko du.

Sariak ere erakargarriak izango dira. Bi diru-sari emango dira eta bi grabazio-ordu Legarreko estudioan. Sariak ekainaren 8an iragarri eta entregatuko dira, ekimenaren amaiera-ekitaldian.

Izengabeak lehiaketarekin, Eibarko Udalak eskualdean sortzen ari den musika-talentuaren epizentroa izan nahi du, plataforma zirraragarri bat eskainiz sormenaz eta musikarekiko grinaz gozatzeko. Lehiaketan izena emateko ondoko inprimakia bete beharko da https://formularioak.eibar.eus/eu/izengabeak2024

Antolatzaileek espero dute ekimen honek parte-hartzaileen musika-ibilbidea  bultzatzeaz gain, Eibarko kultur bizitza aberastea eta artisten eta zaleen arteko babes-giroa sustatzea. Proiektu hau PSE-EE eta EH Bildu taldeen arteko 2023ko aurrekontu-akordio baten emaitza da.