Eibarko Udalak Identitate Bisual Korporatiboaren inguruko proiektu berria onartu du
Marka instituzional berria uztaileko Udalbatzaren ohiko bilkuran onartu zen, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien aldeko botoekin eta Eibarko EAJ-PNV abstenitu egin zen. Marka nagusiarekin batera, udal arlo, zerbitzu eta unitateetara egokitutako bigarren mailako markak onartu dira, eta xedea da erakundearen irudi bakar eta koherentea eskaintzea, egungo garaiekin bat etorriz. Proiektu berriak Identitate Bisual Korporatiboaren Eskuliburu berri bat ere jasotzen du, erakundea osatzen dutenek erabiltzeko eta aplikatzeko balioko duena. PDF formatuan ikusi eta deskargatu ahal izango da www.eibar.eus Udalaren webgunean prestatutako landing page berezi batean.
Uztailaren 29an, astelehena, egindako Udalbatzak Eibarko Identitate Bisual Korporatiboaren Proiektu berria onartu du PSE-EEren (8), EH-Bilduren (4) eta Elkarrekin Podemos (1) udal-taldeen aldeko botoekin eta Eibarko EAJ-PNV (5) abstenitu egin da.
Proiektua "2021-2023 Komunikazio eta Gardentasun Planaren" barruan kokatzen da -Alkatetzaren 2021eko otsailaren 22ko Ebazpenaren bidez onartu zen-, eta gaur egungo markaren irudia -2004koa- eguneratzeko eta/edo modernizatzeko helburuarekin egin da, euskarri digital berrietara eta garai eta behar berrietara egokitu ahal izateko
Eibarko Udalaren logotipoaren eta egungo markaren -sailetako logotipoak eta markak barne- berrikuspen sakona egin da, eta egungo garaiekin bat datorren erakundearen irudi bakar eta koherente bat eskaintzeko egokitu dira.
Egokitzapen horri esker, Udalak marka gisa dituen komunikazio-aukerak indartu egingo dira, eta marka eta erakundea gehiago identifikatzea lortuko da. Marka-irudi adierazgarri bat sortu da, Udala identifikatzeko aukera emango duena. Irudiak hainbat ezaugarri ditu: ezagutzeko modukoa da, argia, erraza, profesionala, garaiarekin bat datorrena, dinamikoa, inpaktu bisuala duena, koherentea eta komunikazioan eraginkorra.
Proposamen honek, hala ere, ez dakar 1984ko apirilaren 19ko osoko bilkuran onartutako armarri ofiziala (Eibarko Udalaren funtsezko elementua dena) aldatzea; aitzitik, erakunde-nortasuna osatzen duten alderdietan zentratzen da, hala nola tipografian, identitate kromatikoan edo aplikazioetan.
Marka instituzional berria eta Identitate Bisual Korporatiboaren Eskuliburua sortzea
Eibarko Udalaren Nortasun Korporatiboaren Proiektu berria AZK Komunikazio- eta publizitate-agentziak egin du, Udalaren Komunikazio Zerbitzuarekin koordinatuta. Lana funtsezko bi ekintzatan banatu da: alde batetik, Eibarko Udalaren marka-irudi berria eta udal-arlo, -zerbitzu eta -unitateetako gainerako bigarren mailako markak sortu eta/edo birdefinitu dira, eta, bestetik, identitate bisualari buruzko gida edo eskuliburu bat egin da, irudi korporatibo berria erabiltzeko eta aplikatzeko funtsezko alderdiak biltzen dituena.
Lehenik eta behin, egungo markaren arkitektura aztertu zen, eta, horretarako, lan-saioak egin ziren Eibarko Udalarekin harremana duten hainbat talde eragilerekin, focus group metodologian oinarrituta; online galdeketak egin ziren, udal-langileek, ordezkaritza duten talde politikoek eta herritarren elkarteek bete ahal izan zituztenak. Bai aurrez aurreko eta online lan-saioetan, bai online bidezko galdetegietan, hogeita hamar langile publiko eta herri-elkarte inguruk parte hartu zuten (Eibarko Txirrindulari Elkartea, Ekintzaileen Elkartea, Armeria Eskola Elkartea, Gipuzkoako Merkatarien Elkartea...), egungo marka instituzionalarekiko gogobetetze-mailari buruzko iritzia adierazteko eta hobekuntzak proposatzeko.
Ondoren, ikusizko sistema grafiko korporatiboa proposatu zen, Udalaren beharretara egokituta eta dagozkion diseinu-estrategiak ezarrita. Horretarako, hiru proposamen aurkeztu ziren: proposamen kontinuista, proposamen instituzionala eta proposamen berritzailea. Horietako bakoitzaren bi bertsio osatu ziren: oinarri “Eibarko Udala” marka zutenak batetik, eta, bestetik, “Eibar” marka abiapuntu zutenak.
Udal langileek, baita udal ordezkaritza duten talde politikoek eta sindikatuek ere, 3 logotipoen inguruko bozka egiteko aukera izan zuten, online inprimaki bat betez. Inkestaren bidez, 3 puntu eman behar zitzaizkion proposamen gogokoenari, 2 puntu bigarren planoan estimatzen zenari eta puntu bat hirugarren aukerari.
Aukeratutako proposamenak Eibarko armarri ofiziala hartzen du oinarri eta ardatz: armarriaren silueta erabiliz eta erdian San Andresen gurutzea jarriz, bi elementuen arteko batura egiten da. Horrez gain, tipografia berria eta koloreak (urdina eta magenta) eguneratzeko proposamena ere egin da, "Eibar" markaren lelopean (Udala| Ayuntamiento, barne).
Honen harira, esan beharra dago “Eibar” kontzeptua markaren naming gisa erabiltzeak askotariko onurak dakartzala: hiriaren nortasuna eta ikusgarritasuna areagotzen ditu, marka bera identifikagarriago egiten du, Udala sozializatzen du, baita marka instituzional hutsetik haratago ere, eta atxikimendu-sentimendua eta herritartasuna sustatzen ditu. Eta, era berean, "Udala | Ayuntamiento" naming-a mantentzeak bere onurak ditu; izan ere, Udalaren posizionamendua bai herritarrek bai inguruko beste herri eta eragileek erraz identifikatzeko moduan lagatzen du ,eta, horrela, edozein motatako nahasketak saihesten dira.
Marka instituzional berria bai horizontalean, bai bertikalean osatu da, hainbat formatu eta euskarritara egokitu ahal izateko.
Beste aldetik, eta marka berri nagusia sortu ondoren, bigarren mailako markak osatu ziren udal-arlo, -zerbitzu eta -unitateetara egokituta. Horiek guztiak jasota daude aipatutako Identitate Bisual korporatiboaren Eskuliburuan, zeina Eibarko Udala osatzen duten pertsona eta sail guztientzat aplikagarria eta erabilgarria izango den.
Eskuliburuak hainbat elementurekin lotutako oinarrizko eta funtsezko alderdiak jasotzen ditu: elementu korporatiboak (armarria, marka instituzionala, bigarren mailako markak...), offline ekosistemaren aplikazioak (papergintza korporatiboa, zigilua, banda korporatiboa, kolaborazioak eta babesleak, publizitate-euskarriak, seinale korporatiboak, ibilgailu ofizialak, lan-uniformeak, merchandisinga, argitalpenak, langileentzako diplomak...) eta online elementuak (web-orria, sare sozialak, app-ak, aurkezpen korporatiboak, posta elektronikoaren sinadura, publizitate-euskarriak, ikus-entzunezkoak...).
Landing page-a eskuliburua ikusi eta deskargatzeko
Identitate Bisual Korporatiboaren Eskuliburu berria, halaber, AZK komunikazio- eta publizitate-agentziak diseinatutako landing page batean (web-orri estatikoa) egongo da eskuragarri. Landing hori, era berean, udalaren www.eibar.eus web-orrian kontsultatu ahal izango da (zehazki, "Identitate korporatiboa" sailean, "Udala" atalean).
Horrela, Eibarko Udalaren Identitate Korporatiboaren Proiektu berria hurbilagotik ezagutu nahi duten pertsona eta enpresa guztiek eskuliburu hori PDF formatuan deskargatu ahal izango dute, baita formatu digitalean kontsultatu ere.
Proiektu berria irailean aurkeztuko da modu ofizialean, www.eibar.eus webgunearen diseinu berria ezagutzera emateko ere balioko duen prentsaurrekoan.